Gaur, abenduak 20, seigarren urtez Olentzero Zabalganara etorriko da, eta berarekin batera Mari Domingi ere bai. Beraz auzokide guztiok hitzordua dugu biei harrera egiteko, eta euren omenez ospatuko den jaialdiaz gozatzeko.
Olentzerok eta Mari Domingik ziurtatu digute auzora Zabalganako basotik iritsiko direla, horregatik arratsaldeko 18:00etan basoaren sarreran (Mariturriko Bulebarraren 26garren zenbakian) itxarongo diegu eta ondoren kalejiran joango gara auzoan zehar Zabalgana ikastetxeraino. Bertan jaialdia egingo dugu Mari Domingi eta Olentzerorekin batera, dantzak, kantak eta beste hainbat ekintza egongo direlarik beren etorrera ospatzeko.
Besteak beste, Armentia eta Zabalganako eskoletako dozenaka haurrak dantzatuko zaizkie gure protagonistei.
Hotza egingo duela aurreikusten da eta Olentzerok eta Mari Domingik haurrak zaindu nahi dituztenez, jaialdiaren bukaeran txokolate beroa egongo dela iragartzea eskatu digute, Zabalgana ikastetxeko aterpean haurrek abestu eta Mari Domingi eta Olentzerorengana gerturatu eta txokolatezko muxu bat eman diezaieten. Haurrek auzoko bi ikastetxeetan ikasten ari diren dantza eta abestiekin batera, Olentzerok eta Mari Domingik haur eta ez hain haur direnen eskutitzak jasoko dituzte.
Espero dugu jai honen ospakizunak haur guztien parte hartzea bermatu ahal izatea, eta horrekin batera ikazkinak bere zakuan auzoarentzako eta auzokideontzako gauza on piloa ekar dezala.
Gure aldetik, eguberri ona pasa dezazuen opa dizuegu, eta egun zoragarri honetaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu.
Eguberri on eta gora gure Olentzero eta Mari Domingi!!