Ekologia edo ekologismo hitzak aipatu ere egiten ez ziren garaietan, auzo elkarteak izan ziren ingurugiroaren defentsan aitzindari. Horren adibiderik biribilena “Erandioko gertaerak” izan ziren. 1969an, erandiotarrak kalera atera ziren herria itotzen ari zen kutsaduraren kontra. Erregimenak ausardia odolez pagarazi nahi izan zien eta urte hartako urriaren 26an Poliziak tiroz hil zituen bi herritar, Josu Murueta eta Anton Fernandez. Artean gaztetxo bat baino ez zen arren, Josu Cerratok hura guztia gertutik ezagutu eta ondorengo urteetan ere lehen lerroan jarraitu zuen kutsaduraren kontrako borrokan. Hura izan zen Eguzkira ekarri zuen ondarea, nolabait esateko, euskal ekologismo avant la lettre-ren edo euskal ekologismoaren historiaurrearen ondarea. 1994an, gertaeren 25. urtemugaren aitzakian, haiei buruzko liburu bat ere idatzi zuen, Eguzkik espresuki eskatuta.
Esan gabe doa urte haietan Josu edozein kutsadura motaren kontrako gure ekimenen animatzailerik handienetako bat izan zela.
Bada, Josu hil den honetan, egokia iruditzen zaigu aitortzea ingurugiro alorrean egin duen lana. Gutako bat ere bazen. Doluminik zintzoenak etxekoei.
Auzo mugimenduaren izenean, bihotz bihotzetik eskerrik asko !!