Bestelakoak - OtrosFormakuntza

Gaur, hilak 11, LOMCEren aurkako Kalejira

Gaur, hilak 11, arratsaldeko 18:00etan Anda Mari Zuriaren plazatik Wert legearen aurkako kalejira abiatuko da, geheingo sindikalak zein hezkuntza arloko eragileek deitua. Mobilizazio hau gainontzeko hiriburuetan errepikatuko da, denak «Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri EZ! IMPOSAKETEI EZ!» lelopean. Jarraian kartela nahiz komunikatua atxikitzen ditugu.kalejirak-u11_kartela2

LOMCERI AURRE EGIN ETA EUSKAL HERRIAN GURE HEZKUNTZA ERAIKITZEKO
MOBILIZATZERA DEITZEN DU HEZKUNTZA KOMUNITATEAK URRIAREN 11AN
Hemen bildutakoen iritziz, Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean baita jendartea kohesionatzeko ere (pentsaera guztiak errespetatuz, doktrinamendurik gabe…). Hezkuntza eskubide unibertsala da, pertsona ororen eskubidea alegia. Eskubidea unibertsala den heinean, administrazioarena da eskubidea bera bermatzearen ardura; eskubidea bermatzen dela ziurtatzea gizarte zibilaren ardura den moduan. Eskubidea izateko, hezkuntzak ikasle guztion garapen osoa bermatuko duen heziketa behar du izan. Parte hartzailea, askatzailea, hezkidetzailea, inklusiboa, demokratikoa, anitza, integratzailea…
Horregatik guztiagatik, hezkuntzak lehentasun soziala izan behar duela deritzogu.
Aldiz, hezkuntza Euskal Herrian, espainiar eta frantziar estatuen esku egon da eta dago eta beraien behar eta nahien arabera garatu dute. Norabide horretan LOMCEk urrats berriak ematen ditu, Hego Euskal Herriko hezkuntza erabat mugatuz eta herritarrok nahi dugun kontrako norantzan bideratuz.
LOMCEri EZ esaten diogunean azken hamarkada luzeetan inposaturiko hezkuntza lege
eta erreformei esaten diegu ezetz ere. Ez dugu inposaturiko bestelako legerik onartu
nahi. Orain arte eta aurrera begira heldu daitezken lege eta erreforma desberdinak izan edo izango dira, baina helburu berdina dute : euskal herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza sistema mugatzea eta baldintzatzea.
Ikasturte berria abian jarri dugu eta, handik eta hemendik, bai Uriarte andereak, bai
Iribas jaunak, gure ikastetxeetan lege berriaren ezarpenak ez duela apenas eraginik
izango adierazi dute publikoki. Azken hamarkada luzeetan inposatu nahi den legerik
gogor eta atzerakoiena jada abian delarik eta hurrengo urteetan erabat garatzeko
arriskua argia delarik, beraien jarrera guztiz larria eta arduragabea dela salatu nahi
dugu. Beraien adierazpenekin lege honen kontrako aktibazio eta edozein erantzun
indargabetzea dute helburu.
Hezkuntzaren arduradun politiko nagusiak izanik orain arte esandakoa errealitate
bilakatzea beraien esku dago. LOMCE gustuko ez badute, ez badute aplikatu nahi,
bertako errealitatea aintzat hartu nahi badute egin dezatela, ausardiaz joka dezatela eta herritarrok kalean luzatutako eskaerari heldu diezaiotela.
Alde batetik, Nafarroako Gobernua aitzindari izaten ari da hezkuntza erreforma basati
hau “nafar erara” aplikatzerako orduan, jada marko legala egokitu eta curriculum
dekretuak ere argitaratu dituelarik, ikas materialaren ikuskatze lana ere abian du…
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik LOMCEa gure ikastetxeetan sar ez dadin
bermatzeko eta erreformari aurre egiten dion neurri argirik hartu, baina LOMCEa hainbat ataletan egokitu eta abian jartzeko irizpide eta neurriak bidali ditu ikastetxeetara.
Legea ez betetzeak segurtasun gabezia eta ondorio kaltegarriak ekarriko lituzkeela
entzuten ari gara maiz arduradun politikoen ahotan. Baina benetako kaltea, bai gure
seme-alaba eta ikasleentzat, bai hezkuntzako langileentzat, baita herritar guztiontzat ere LOMCEa bera garatzeak ekarriko luke. Horregatik, hain zuzen ere, premia ikusten dugu LOMCEa abian den lehen ikasturte honen hasieratik aurre egiteko gure eskura ditugun bideak abian jartzeko eta gure herrian behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzean pauso berriak emateko. LOMCEri ezetz esatearekin batera alternatiba eraiki nahi dugu.
Jakin, badakigu, ilusioak eta indarrak mugitzen duela jendartea, eta honek mundua.
Honetarako, beharrezkoa da elkarlanean eragitea. Badakigu indarra daukagula, ikasleok, familiek, hezitzaileok, langileok, herritarrok, denok. Eta gure hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari ekin nahi diogu, txikitik hasita, gure geletatik gure ikastetxetara.
Gure herrietatik Euskal Herrira. Ikastetxeak, plataformak, bilguneak… Edonon elkartzen hasiak gara, jakinda eraiki nahi duguna guztion artean izan behar dela. Hezkuntza zerbitzu publikoa delako, eta honek esan nahi du gurea dela, gure eskuetan dagoela.
Horregatik, etorkizuna gaurdanik eraikitzen dela diogu, askok eta askok atzo egindako
lana oinarri hartuta. Ibilbide luzea egin du gure herriak hezkuntza sistema propio baten bidean eta hamaika izan dira hau helburu garatu diren dinamika ezberdinak.
Guk uste dugu, modu eraikitzaile batetan, gure eskubide kolektiboak defendatzeak eta
aldarrikatzeak merezi duela. LOMCE gelditu egin behar dugu, eta gure hezkuntza sistema propioa eraiki.
Aurreko ikasturtean, lege honen ondorioak aztertu, alternatibak proposatu, nahi dugun
hezkuntzari begirako proposamenak osatu eta ekimen zein mobilizazio ugari burutu izan ditugu.
Maiatzean aurkeztutako “Gure Gida”ren lehenengo zirriborroari hezkuntza komunitate
eta herritarrok egindako ekarpenak gehitu dizkiogu. Dagoeneko ikastetxe guztietara
zabaldu dugu LOMCEri aurre egiteko eta gure Hezkuntza Sistema eraikitzeko lan tresna baliagarria izatea espero dugun GIDA. Orain zentroz zentro, eskualdeka, herri zein auzoetan gida propioak garatzeko faseari ekingo diogu bakoitzaren errealitateari
egokituta norabide berean.
Hasieran esan moduan, hezkuntza lehentasun soziala izanik eta herri baten garapenerako gakoa, ezinbestez hezkuntza komunitate eta herritar ororen inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoa dugu LOMCEri aurre egiteko, bere aplikazioa ekiditeko eta nahi dugun hezkuntza guztion artean eraikitzeko. Horren adibide izan nahi du gaurko agerraldi honetan deialdi hau hezkuntza eragileez gain ikastetxe, herri eta eskualde ezberdinetan sortzen ari diren hezkuntza plataforma ezberdinekin batera egiteak.
Beraz, bide honetan lanean aritzeko prest den pertsona, eragile edo eta erakunde orori
eskua luzatu eta dei egiten diogu norabide honetan batera lan egin dezagun.
Uste dugu, mobilizazio hau abiapuntu izan behar duela, konpromisoak hartzeko garaia
da. Guztiok. Bakoitzak bere arduren arabera. LOMCEri gure ezezkoa adierazteaz gain,
hau ez aplikatzeko konpromiso zehatza hartuko dugu. Eta gure hezkuntza eredua
eraikitzeko bidean urratsak emateko hautua egingo dugu. Guzti hau maila pertsonalean hasi eta modu kolektibo baten garatu arte.
Eta hau guztia beste behin adierazteko, URRIAK 11ean IRUÑEAN, GASTEIZEN, BILBON ETA DONOSTIAN “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketei ez!” lemapean herri gisa kalera atera eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko deia egiten diogu euskal jendarteari.
Euskal Herrian, 2014ko irailaren 22a

Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Udako Euskal Unibertsitatea, Hik Hasi,
ELA, LAB, STEE-EILAS, Hezkuntza Plataformen Topagunea