Martxoaren 8ko euskal Herriko koordinadora feministen komunikatua:
MARTXOAK 8
EUSKAL HERRIA FEMINISMOTIK ERAIKITZEN ARI GARA!
Lehenik eta behin, mugimendu feministari zorionak eman nahi dizkiogu! Berriz ere, erakutsi dugu borroka eta presioaren bitartez garaipenak lortzeko ahalmena dugula. Abortuaren legearen erreforma bertan behera uztea lortu dugula! Ederki dakigu bestelako aldaketak egiten ari direla, gure gorputzen kudeaketaz baliatu nahi dutela. Horregatik, eraikitzeko, eragiteko dugun ahalmenaz jabetuta borroka feministan jarraituko dugu!
Martxoak 8an, ofentsiba kapitalista-heteropatriarkal honen testuinguruan, kalea hartzeko deialdia egitera etorri gara. Emakumeon nazioarteko egunetik, aldaketa feminista aldarrikatu nahi dugu. Gure bizitzak ospatu nahi ditugu, horiek guztiak erdigunean ipiniz eta merkatuen bortizkeria salatuz. Sistema kapitalista-neoliberalak kapitala metatzean eta hiritarrak eskubidez desjabetzean aurkitzen du boterea, eta sinetsarazi nahi digute beren botere kuota hori salbatzera behartuak gaudela. Erreforma eta murrizketek prekarizazioa ekarri digute. Emakume eta baztertuonganako indarkeria areagotu dute.
Sexu bereizketa, produkzio eta erreprodukzio eremuen arteko hierarkia, lanaren sexu banaketa, behartutako familia nuklear heterosexuala, arrazakeria, inguru naturalen aurkako txikizioa, emakumeon zapalkuntza… egun bizi dugun errealitatearen jatorri eta eragin zuzenak dira. Modernitatearen , dominazio patriarkalaren, prozesu konplexuetatik datozkigu. Horien arteko harremanak azaleratu behar ditugu eta horregatik, aldaketarako abagune honetan, proiektu feminista ezinbestekoa da, begirada integral eta zehatzak batzeko gaitasuna izango duena.
Prozesu feminista askatzailea da eta ez dator bat inposatu nahi dizkiguten denborekin. Ez dugu gure garaia itxaroteko intentziorik, egiteari ekin diogu aspaldian. Banakoen eta kolektiboaren arteko harremanean sortzen da, guztiak ahalduntzeko prozesuak indartuz. Ongi bizitzea zer den eta hura ahalbidetzeko moduen inguruko eztabaida sozialari ekinaz, kontra-botereaz gain, botere guneen kudeaketak gureganatzeaz ari gara. Boterea hartzea gaitasun politikoa eta intzidentzia irabaztea direla ulertzen baitugu.
Euskal Herria feminismotik eraikitzen ari gara!!!
Aurtengo martxoak 8an, Emakume Mundu Martxako IV. Nazioarteko Ekintzako Europako birak Kurdistanen izango du hasiera. Herrialde honetako emakumeak eredu ditugu eta elkartasuna adierazi nahi diegu horiei eta Kurdistango herriari. Emakumeen Mundu Martxako bira, irailaren 28an iritsiko da Euskal Herrira “Gure gorputzak, gure territorioak. Martxan jarraituko dugu denok aske izan arte!” lelopean; eta urriaren 4 arte arituko gara ekintza desberdinak aurrera eramaten. Beraz, parte hartzera dei egiten zaituztegu!
GORA BORROKA FEMINISTA!