Gaur ospatzen da mundu osoan gay eta lesbianen nazioarteko eguna.Euskal Herriko hainbat txokotan manifestazio eta ekimenak antolatu dituzte gaurko eragile ugarik. Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan dago deialdia, 20:00etan.
Bilgune Feministak ere bat egin du gaurko aldarriekin. Salatu du «sexu biologikoaren itzalak» bizitza baldintzatzen duela oraindik, generoaren «eraikuntza kulturalak» gero eta pisu handiagoa duen arren. Gizartea «hierarkia printzipioaren» arabera ordenatuta dagoela diote, eta «ugalketa» dagoela gailurrean. Hain justu, «sistema patriarkal» eta «kapitalistak» bultzatzen duen sexualitatea ugalketara bideratutakoa izatea gaitzetsi dute. Arrunt kritikoak dira, sexualitatearen «eredu hegemonikoak» gainerako ereduak deitoratu egiten dituela eta. Horren harira, «patriarkatuak» sortu dituen «kategoria zurrunak» gaindituko dituen eta «aniztasuna» oinarri duen gizarte baten beharra azpimarratu dute.