Bestelakoak - OtrosCEP Mariturri

Mariturriko jolastokia eraldatu dute ikasleek

Europa iparraldeko eredua jarraituz, naturari tarte bat utzi diote jolasgunean; zumezko egitura bat egin dute 11-12 urteko gaztetxoek.

Institura joan  baino lehen, «opari bat» utzi nahi izan diete  eskola-kideei Mariturri eskolako seigarren mailako ikasleek: saski baten modura, zumez egindako egitura bat altxatu dute jolastokian.

Guraso elkarteak bultzatuta eta Garaion elkarteak gidatuta, Europa iparraldeko arkitektura berdeko eredu berrietan inspiratu dira, otarregintza garaikideko proposamenak baliatuta. Izan ere, gero eta ikastetxe gehiago ari dira bai patioa, bai gela barruko espazioak berregituratzen. «Zergatik eraiki jolas-parke gogor eta hotzak, jasangarriak ez diren burdin eta plastikoekin, natur elementuekin sortu ditzakegunean?», adierazi dute Garaioneko kideek.

Era berean, nabarmendu dute proiektuak badituela bestelako helburu batzuk ere: auzolanean aritzea, sormena garatzea eta natura zaintzeko ardura piztea», besteak beste.

Guztira, 11 eta 12 urteko 17 ikaslek hartu dute parte hiru saioko prozesuan: lehenik eta behin, zer egin erabaki zuten; ondoren, atariko lanak egin zituzten, lurrak mugitu eta oinarriak landatzeko; azkenik, egitura osoa landatu zuten asteartean. Sustatzaileen iritziz, «komenigarria da halako ekimenak Arabako eskola eta esparru publiko guztietara zabaltzea».

https://alea.eus/gasteiz/1520342020760-mariturriko-jolastokia-eraldatu-dute-ikasleek