Irailaren 30etik urriaren 2ra Usurbilen egingo diren Auzolan Topaketak aurkeztu nahi dizkizuegu. Aldaketa posiblea delako, garaia delako, eta eraldaketa gure esku dagoelako, herritarrok gure bizimodua, gure ingurua eta etorkizuna ber-eratzeari ekiteko deia egiten dugu. Auzolana beharrezkoa da!
Duela urte eta erdi abiatu zen Auzolan egitasmoaren lehendabiziko ekimena da, egungo gizarte ereduak gure beharrizanak asetzen ez dituela eta jendartearen bizi-baldintzak geroz eta kaskarragoak direla ikusirik, bertzelako eredu baten alde hemen eta orain lanean hasteko helburua duena.
Topaketek Euskal Herrian abian diren ekimenen eta horien esperientzien topagune izan nahi dute, horiek ezagutuz eta ezagutzak partekatuz, hausnarketa eta lan-ildoak abiarazteko. Harreman eta elkarlan sare bat eratu nahi genuke; bai indarrean dauden ekimenak ezagutarazi eta bultzatzeko, eta baita dinamika berriak sustatzeko ere.
Topaketak hiru egunetan egituratu dira. Ortziral arratsaldean hasiko dira, eta egun hortarako honako solasaldiak antolatu ditugu: Krisi Globala, LANKI Lankidetza Ikertegiko kidea den Joseba Azkarragaren eskutik, eta Auzolan egitasmoko kide diren Antxon Mendizabalen eta Gorkaren eskutik Herri Garapena eta Cooperativa Integral Catalanaren esperientzia, hurrenez hurren.
Bigarren egunean, larunbata, gizarte-gaiak arloka jorratzeko batzar-eztabaidaguneak antolatu ditugu: Elikadura, energia, hezkuntza, kultura, osasuna, informazio eta komunikazio teknologiak, euskalgintza, herri jaiak eta bertze batzuk. Horiek moderatzaile batek zuzenduko ditu, mintzaldi-txandak eta gai ordena egituratzeko; arlo bakoitzeko hainbat adituk horietan parte hartuko dute, eztabaidari hasiera emateko, baina batzar irekiak diren heinean, parte hartzaile guztiek izanen dute euren esperientziak ezagutarazi eta gogoetak adierazteko aukera. Izan ere, honakoa azpimarratu nahi dugu: Jorratuko diren gaietan adituak diren edo esperientzia duten hainbat lagun zuzenean gonbidatu ditugu, baina topaketetara joanen diren guztien parte hartzea da gure helburua. Auzolanerako deiarekin irudikatu nahi duguna herritar guztiok gure ingurua ber-eraikitzeko lanari ekitea beharrezkoa dela da, eta beraz, herritarrak dira egiazko protagonistak, auzolanean bezala.
Larunbat arratsaldean Tokiko Batzarrei eta Tokiko Txanponei buruzko solasaldiak eginen dira. Tokiko Batzarreei buruz mintzatzeko, Patxi Azparrenek eta Felix R. Morak euren ikerketetan ikasitakoa ezagutaraziko dute, bertze batzuren artean. Tokiko Txanponei buruz, Gorka Auzolan egitasmoko kideak Catalunyako esperientziaren berri emanen du eta Lapurdiko Bizi! Mugimendukoek euren ekimena ezagutaraziko dute.
Hirugarren egunean, “Auzolanaren Liburua” aurkeztuko dugu. Auzolan egitasmoaren ekimenez egindako lana da, eta Txalaparta argitaletxeak argitaratuko duena. Ondotik, Euskal Herriko Auzolan Sarearen eratzea eginen da. Bazkariarekin amaitutzat emanen dira topaketak.
Aipatzekoa da topaketetako hainbat unetan kultura ekitaldiak eginen direla: Dantzak, ikuskizunak, herri-kantu jira, bertsolariak, antzerkia…
Antolakuntza
Usurbilgo herritarrek euren esku hartu dute topaketetako azpiegituren antolakuntza. Hiru egunetako otorduak eskainiko dira, eta herriko kiroldegia lo egiteko lekutzat prestatuko da (komunak, dutxak eta gainerako zerbitzuekin). Kiroldegia bete ezkero, inguruko zelai bat akanpada gune gisa prestatuko da. Laurehun bat lagunendako harrera antolatu da. Izen-ematea Auzolan.info gunean egin behar da, eta 30 euroko bonoa eskuratuz, topaketetan parte hartu ahal izanen da.
Hizkuntza ez dela parte hartzeko oztopoa izanen nabarmendu nahi dugu. Parte hartzaileek, eurek aukeratutako hizkuntza erabili ahal izanen dute, eta euskaraz ulertzen ez dutenek, pantaila batean agertuko den berehalako itzulpenaren bidez segitu ahal izanen dute eztabaida edo solasaldia. Argi dago, zerbait ere erantzun nahi izan ezkero, gazteleraz egin ahal izanen dute, horrek solasaldiari eragin gabe. Zerbitzu hau solasaldi nagusietan emanen da, eta taldekako batzarretan ere ahal den gehien ematen saiatuko gara, gure baliabideen arabera, noski. Hizkuntza nagusia euskara izanen da, eta ulertzen ez duenak aukera izanen du itzulpen bidez mintzaldiak ulertzeko.
Harremanetarako: auzolan@riseup.net edo auzolan@gmail.com
Deia
Bertzerik gabe, parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Aldaketa posiblea delako, garaia delako, eta eraldaketa gure esku dagoelako, herritarrok gure bizimodua, gure ingurua eta etorkizuna ber-eratzeari ekiteko deia egiten dugu. Auzolana beharrezkoa da!
Egitaraua
auzolan_info.jpg 108KB (111285 byte)