Bestelakoak - OtrosEuskaraKultura

Zabalgain kultur ekimena jaio da!!

Atzo iluntzean gure auzoan ezagutzera eman zen Zabalganan euskararen alde lan egingo duen kultur talde baten ekimena. 30 lagun baino gehiagoko kalejira batek auzoa zeharkatzen zuen bitartean, haren kideak aritu ziren eskuorriak banatzen proiektu hau zertan den jakinarazteko asmoz.

ZABALGAIN KULTUR EKIMENA Zabalganan euskara nahiz euskal kultura sustatu nahian dabiltzan auzokide euskaltzale batzuen ideia bat da.
Euskararen aldeko proiektu hau auzoko biztanle guztioi dago zuzenduta, eta auzoari begirako ekimen eta iharduerak martxan ipini nahi dituzte. Euskal kuturari loturiko tailerrak, Mintza-Praktika, ikastaroak, hitzaldiak, ekitaldiak, mendi irteerak, jolasak, umeentzako iharduerak…
Ekimen hau martxan jartzeko gure auzo elkarteak kolaboratu du, eta egitasmo iraunkor eta eraginkorra bihurtu nahi da ideia hau, Zabalganan euskararen aldeko lan serioa bezain ilusionagarria eginez, eta horretarako guztion laguntza beharko da.

Hauexek dira azaroko azken astean hasiko diren helduentzako lehen ikastaroak:

-Mintza-Praktika, astelehen eta asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara (euskaltegiko 5./6. urratsetik gorako maila dutenei zuzendua)

-Euskal dantzak, ostiraletan, 18:00etatik 19:30etara

Matrikulazio kanpaina hasita dago dagoeneko, eta interesatuta daudenek honako datuak bidali behar dituzte zabalgain.kulturekimena@gmail.com helbidera: izen-abizenak, egin nahi duzuen tailerra eta kontaktu-telefono bat. Eta zuekin jarriko dira harremanetan.

Dena den, informazio guztia sortu duten blog-ean aurkituko duzue: zabalgain.blogariak.net

Ongi etorri, bada, Zabalgain!, eta goazen denon artean euskara bultzatzera Zabalganan!