Iragarri genuenez, atzo, abenduak 23, gure Oletzero maitiak bisitatu gintuen arratsaldeko seiak aldera, nahiko puntuala izanik. Auzokook txalapartaz eta adarraz deia egin ostean, Zabalganako basotik agertu zen bere gurdi ederrean eta abereek lagunduta(azken momentuan astoa irauli bazen ere). Orduantxe bi auzokidek, guztion izenean, Olentzerok merezi duen agurra eskeini zioten, eta, segituan, kalejiran atera ginen denok-guraso ta ume, Olentzero bera bere gurdi gainean, txistulari ta trikitalariak, eta baita abereak ere-auzo osoan zehar.
Magiaz beteriko ibilbidea izan zen, eguralgiak gehiegi lagundu ez bazuen ere. Gabon kantak, goxokiak, ardo beroa eta dantzak izan ziren; eta dena gure Olentzero maitagarriarekin batera.
Azkenik, bideari amaiera emateko, ikastetxeratz abiatu ginen, eta han ekitaldiaren parterik onenaz gozatu ginen; izan ere, guztiok txokolate goxu-goxua dastatu ez ezik, umeek Olentzerori gutunak eman eta argazki piloa egiteko aukera eduki zuten.
Orain Olentzerok bere bideari segitu dio, baina gaurko gauean itzuli egingo zaigu Zabalganako ume guztien gutunak irakurrita eta eskatutako dena ekartzeko asmoz ;onak izan bazarete, noski.
Dena den, Olentzerok zioen bezala: “onak izan, baina baita bihurriak ere”.
Muxu handi bat eta EGUBERRI ON, ZABALGANA!