Bihar,abenduak 3, euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugu, eta Zabalgana euskararen presentzia areagotzeko eta zerbitzu publikoetan bermatzeko segitzen du lanean uneoro. Azken ekimena, Zabalganako euskararen batzordetik bideratua, Osakidetzak urtarrilean auzoan zabalduko duen zentro berrian euskaraz atenditzen delako bermea exijitzea izan da.
Eskaera hau Osakidetzako arabar eskualdeko arduradunei zein legebiltzarreko alderdiei luzatu zaie; EAJ eta EH Bilduri, hain zuzen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko II.Planaren ziroborroa aurkezteaz batera bi alderdi hauek osakidetzan langile ebentualak kontratatzerakoan euskaldunak izango zirela adostu baitzuten bozketa bateratu baten bidez.
Zabalganako euskara batzordetik honako hau helarazi diegu arduradun hauei guztiei. Zabalgana auzoko auzokideez osatuta dago, auzoan euskara bultzatzea eta euskararekiko errespetua lantzen dugu. Lan hau aurrera eramateko auzoko eragile ezberdinekin harremanak dauzkagu eta horiekin lan egiten dugu helburu horiek lortzeko. Etorkizun hurbil batean Zabalganako osasun zentroaren erabiltzaile izatera deituak gara eta honen harira dator egiten dugun eskaera.
Osasun zentro berria erabiliko dugun euskaldun guztien oinarrizko eskubidea errespetatzea nahiko genuke. Hau da, osasun zentroa erabiltzen dugunean gure harremanak euskaraz egiteko eskubidea bermatzea; guk lankideekin euskaraz hitz egiteko aukera izatea eta haiek guri euskaraz egitea azalpenak ematerako orduan.
Zabalganako auzokideak auzo desberdinetatik gatoz eta Gasteizko hainbat osasun zentroetako erabiltzaileak izan gara. Orokorrean, hauetan langile euskaldun gutxi topatu ditugu eta horregatik, osasun zentro berria ireki aurretik, gure egunerokotasunak oztopatzen duen hizkuntza arazo horri aurre egitea da gure asmoa.
Kontutan hartu behar da ere Zabalgana auzoa oso gaztea dela, bertan euskaldun asko bizi direla eta ume kopuru handia dagoela. Umeak eskola publikoetan euskaraz hitz egiten dute, eta eskolatik kanpo ere, euskararen erabilera gero eta nabarmenagoa da auzoan zehar. Hau guztia dela eta, euskara osasun zentro berrian bermatu behar dugu, bizitza euskaldun bat izateko errespetua lortuz eta umeen egunerokotasun hori ez oztopatuz.
Arabako Eskualdetik erantzun egin dute dagoeneko, esanez lehentasunezkoa dela euskararen presentzia bermatzea lanharremanetan, eta haien zentroetan, euskararen erabilerarako ezarritako neurriak behar bezela betetzen saiatzen direla euskara zabaltzeko bitarteko guztiak jarriz; bezeroari atentzioa hizkuntza horretan emateko. Halaber, kontuan izan omen dute Zabalgana auzo gaztea dela eta ume kopurua handia dagoela.
Horregatik , Zabalganan , dirudienez, minimo batzuekin hasiko dira eta apurka-apurka, kontratazioak zabaldu ahala saiatuko dira euskal giroa lortzen eta harremanak euskaraz izan daitezen.Izan ere, gure kezkarekin bat egiten dutela diote, eta halatan haien ahaleginak , elebakarra den jarduera asistentzialaren edo administratiboaren ordez, jarduera elebidunak izatera bideratuko dira.
Hala izan dadila espero da behintzat euskara batzordetik eta auzo elkartetik, eta zelatan jarraituko dugu euskaldunon eskubideak Osakidetzan ere bete daitetzen.