EuskaraKultura

2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa.

Larunbat honetan arratsaldeko 20:30etan hasiko da 2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa. Laudioko Basalarrina Elkartean izango da, eta Oihane Pereak,  Rikardo Gonzalez de Duranak, Xabi Igoak, Alberto Martinez “Beitto”-k, Bingen Sainzek eta Ainhoa Comasek hartuko dute parte.

Aurtengo edizioaren leleoa Bete! da, izan ere antolatzaileek Arabako kaleak, plazak eta antzokiak bertsoekin bete nahi dituzte eta horretarako egitarau zabala prestatu dute. Esan bezala, txapelketa Laudion hasiko da eta hurrengo azken laurdenak Oionen (otsailaren 18an), Ilarduian (otsailaren 19an) Ataurin (otsailaren 25ean) eta Elosun (otsailaren 26an) ospatuko dira.

Finalaurrekoak martxoaren 13an, 19an eta 20an izango dira , Zigoitian, Aramaion eta Agurainen hurrenez hurren. Final handia Gasteizko Printzipal Antzokian ospatuko da apirilaren 2an arratsaldeko 17:30etan.

Asier Otamendi da txapela gehien irabazi dituen bertsolaria, 9, atzetik Zigor Enbetia eta Oihane Perea datoz binarekin eta azkenik Asier Iriondo 1996 urteko lehen txapelketan irabazi zuenarekin.