Kaldeartek, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak, XI. edizioa ospatuko du aurten, ekainaren 9, 10, 11 eta 12an. Aurtengo edizio honetan 30 konpainiek, 46 emanalditan, beren ikuskizunak (formatu handi, ertain eta txikikoak) erakutsiko dituzte.
Horietatik bost ikuskizun erabateko estreinaldia izango dira kalean, eta horietako zenbait Kaldearteren laguntzarekin ekoitzi dira. Konpainien jatorriari dagokionez, Gasteizko 5 konpainiak, Euskal Herriko 9k, Espainiako 8k eta atzerriko 8k hartuko dute parte.
Lurrak izango da inaugurazio ikuskizuna ekainaren 10ean, ostiralean, 22:30ean, Foru plazan. Adin guztietarako zirku garaikideko ikuskizuna da, oso-osorik Euskadin sortua, Gasteizko KaldeArte eta Bilboko Kalealdi jaialdiek ekoitzirik.
Orobat, lehenengo aldiz karpako zirku ikuskizun bat eskainiko du Kaldeartek. Bazar Forain konpainia frantziarraren Delirium Saga Circus ikuskizuna da, helduentzat; ekainaren 9, 10 eta 11n izango da, gauez, Musikaren ibilbidean.