Jarraian, gure auzokidea eta Zabalganako euskara batzordearen kidea den Ruth Larretxik hirinet.net-en argiraraturiko artikuloa eransten dugu.
ESPALOIA ERAIKITZEN ARI GARA!
Beharbada Euskal Herriko auzorik handienean bizi naiz. Agian gehiegikeria esatea da. (Esaldia puztu egin dut eta nahita eginda gainera). Baina datuek diote 20.000 auzokide inguru ditudala kale luze eta zabal hauetan barrena. Halere, ez dirudiela pentsatuko duzu. Eta arrazoiz. Neguan batez ere, jendea satorren moduan lur azpian ibiltzen dela ematen du. Eta zer esanik ez gaueko ordu txikitan. Kaleak huts-hutsik daude. Zabalganan haize erauntsiak dira isiltasuna suntsitzen duten bakarrak.
Non bizi zarela diozu?, eta non dago?, ez dugu ezta geure auzoa ezagutzen ere, handiegia da gero! Horregatik zaila da ezagun batekin topo egitea nahiz eta etorbide berean bizi. Euskaldunak sakabanatuta gaude eta ez dugu euskal girorik inon topatzen. Txantxa moduan Mirandan gaudela esaten dugu, gugandik gertu dagoelako eta zentzu askotan, erdaldun itxura nagusi delako. Denden eta tabernen izenak arrotzak ditugu eta euskara oso gutxi ikusten da. Baina entzun, sentitu eta bizi gero eta gehiago. Euskaldun pilo bat bildu gara Gasteizko bazter honetan!
Geure harremana indartu eta nolabait euskal nortasuna suspertzeko, aspaldiko partez, “zabalgalo” batzuk lanean ari dira. Horretarako, urtean zehar zenbait ekintza antolatzen dituzte eta hasi berri den horietako bat pintxo-pote euskalduna da. Ez dizut gezurrik esango. Momentuz, ostegun hauek ez dira Jon Arretxeren erakoak. Baina guk ere geure komeriak bizi izan ditugu. Azkenengo honetan, auzokide batek tabernari bati euskarazko musika eskatu zioenean gertatu zen. Eta, ezetz asmatu jarri zigutena? Pintxo-Pintxo gure txakurra da eta! Bai ba, sinestezina. Bigarren saiakeran, aldiz, Oskorriren emanaldi oso bat, munduan beste euskarazko musikarik ez balitz egongo. Guk, umore onekoak garenez, barreari eman genion. Baina argi dugu buelta pare bat eman behar diogula honi guztiari. Ez gara espaloitik jaitsiko entzun izan dugu azken egun hauetan. Baina Zabalganan oraindik espaloia egiten ari gara tabernetara, dendetara eta osasun-zentrora “euskaraz bai sano” egitera. Auzoko osasungintza euskalduntzearena hurrengo kapitulu batean kontatuko dizuet, gauza asko esateko daude eta.