Bestelakoak - Otros

Udalak prestakuntza eskainiko die ikasleei zein familiei, haurrak ikastetxeetara oinez eta bizikletaz seguru joan daitezen sustatzeko

Gasteizko Udalak umeak ikastetxera beren kabuz eta aktiboki joan daitezen sustatu nahi du. Horretarako, Udalak ikasle zein familientzako lantegiak eskainiko dizkie ikastetxeei, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez.

Horrenbestez, Udalak behar duten laguntza teknikoa emango die ikastetxeei –bai eta familiei ere– haurren mugikortasun aktiboa eta autonomia sustatzeko proiektuak gara ditzaten.

Zehazki, hezkuntza maila ezberdinetarako lantegiak eskainiko dira. 

1. BIZIKLETAZ SEGURU ZIRKULATZEKO IKASTAROAK

Helburua

Haurrei trafikoaren gorabeherak balioesten irakastea, eta eguneroko joan-etorriak bizikletaz egiteko ibilbideak diseinatu eta praktikan jartzea.

Deskripzioa

Ikastaroak praktikoak izango dira funtsean, bi fasetan banatuta; fase bakoitzaren iraupena taldearen arabera egokituko da.

– Lehen fasea eremu itxi eta trafikorik gabe batean egingo da. Fase horretan bizikleta kontrolatzen eta hirian bizikletaz ibiltzean (trafiko baldintza errealetan) oinarrizko maniobrak nola adierazi ikasiko dute haurrek.

– Bigarren fasea ikastetxetik gertu dagoen kale batean –trafiko lasaitukoan– egingo da; gainera, bide horren beste erabiltzaileei horrelako ikastaroa jorratzen ari dela jakinaraziko zaie.

Bigarren fasean maniobra hauek (gutxienez) praktikatuko dira:

  • Bidean sartzea.
  • Alderdi hauetatik bizikletaz ibiltzea: bidegorriak, autoekin partekatutako erreiak, galtzadarekiko bidegurutzeak, etab.
  • Era guztietako bidegurutzeak: semaforodunak eta gabeak, “utzi pasatzen” seinaledunak, etab.
  • Ezkerreko bidera sartzea.

Iraupena

10 ordu, bizpahiru saiotan.

Hartzaileak

Lehen Hezkuntzako 3. zikloko eta Bigarren Hezkuntzako 1. zikloko ikastaldeak

2. “FAUSTINAREKIN MUNDURATUZ” antzezlana, Eneko Etxebarrietaren eskutik

Helburua

Haurren artean eskolara bizikletaz joateko gogoa piztea, eta mundu zabaleko beste bizimodu batzuk aurkeztea.

Deskripzioa

Haurrei zuzenduriko antzezlana, Eneko Etxebarrietak berak bizikletaz munduaren bira emateko egin zuen bidaian oinarritua (4 urte, 46.000 kilometro, 32 herrialde). Enekok berak antzeztuko du lana.

Antzezlana jokatu bitartean, munduan zehar aurkitu ditzakegun leku eta pertsonen irudiak proiektatuko dira atzealdean; gure ibileran, horiekin topo egin eta elkarri eragingo diogu. Bingen Mendizabalen musikak eta soinu-efektuek areagotu egingo dituzte haurren sentsazioak.

Horrez gain, antzezlaneko osagai dira baita bidaiak berezko dituen zenbait elementu, esaterako bizikleta (Faustina bizikleta, bere begiekin giza-burua dirudien haurrentzako kasko baten bitartez gizatartua), zakutoak, zakutoek gordetzen dutena, kanpin-denda….. Faustina plataforma baten gainean dagoenez gero, Enekok pedalei eragin diezaieke.

Hartzaileak

DLHko 1. zikloko haurrak.

3. BIZIKLETA ONIK ZAINTZEN ETA SEGURTASUN-GAILUAK ERABILTZEN IKASTEKO LANTEGIA

Helburua

Gazteei bizikletan argiak piztuta ibiltzeak, bizikleta bera behar bezala zainduta edukitzeak eta lapurreten aurkako sistema seguruak erabiltzeak duten garrantziaz ohartaraztea.

Deskripzioa

Ikastaroak praktikoak izango dira funtsean, bi fasetan banatuta; fase bakoitzaren iraupena taldearen arabera egokituko da.

– Lehen fasean beren bizikleten egoera balioesteko gauza izan daitezen beharrezko prestakuntza emango zaie ikasleei: zelaren eta eskulekuen altuera eta finkatzea, pneumatikoen presioa eta egoera, balaztak, aldagailua, etab.; bizikletetan konponketa sinpleak egiten ere ikasiko dute: balaztak, katea olioztatu, etab.

– Bigarren fasean sentsibilizazioa jorratuko da: batetik, bidearen beste erabiltzaileentzat ikusgarri izateak eta zirkulatzerakoan zer egin nahi duten ondo adierazteak duten garrantziaz; bestetik, ezin denean ondo ikusi argiak pizteak duen garrantziaz. Hainbat argi-sistema erakutsiko zaizkie ikasleei, kalitate eta prezio desberdinekoak, eta bizikletetan nola instalatu erakutsiko zaie. Horrez gain, lapurreten aurkako zenbait sistema ere erakutsiko zaizkie, baita bizikletak nola ondo lotu ere.

Hartzaileak

DBHko 2. zikloko, Batxilergoko eta prestakuntza zikloetako ikastaldeak.

4. OINEZ SEGURU IBILTZEKO LANTEGIA IKASLEENTZAT

Helburua

Ikasleei ikastetxera oinez eta beren kabuz joateko balioko dieten ohitura eta trebetasun jakin batzuk irakastea.

Deskripzioa

Ikastaroak praktikoak izango dira funtsean, bi fasetan banatuta; fase bakoitzaren iraupena taldearen arabera egokituko da.

– Lehen fasea eremu itxi eta trafikorik gabe batean burutuko da. Oinez ibiltzeko arauak jorratuko dira, bai eta galtzada gurutzatzeko maniobra egoki egiteko beharrezko diren mekanismoak automatizazioa ere.

– Bigarren fasea ikastetxetik gertu dagoen kale batean –trafiko lasaitukoan– egingo da; gainera, bide horren beste erabiltzaileei horrelako ikastaroa jorratzen ari dela jakinaraziko zaie. Fase horretan, haurrek galtzada beren kabuz gurutzatu beharko dute (begiralearen begiradapean), gurutzatzeko modu desberdinak eskatzen duten kaleetan.

Iraupena

3 ordu.

Hartzaileak

DLHko 3. eta 4. mailetako ikastaldeak.

5. GURASOENTZAKO IKASTAROA

Guraso elkarteen eta Guraso Eskolen bitartez, berriz, lantegi hauek eskainiko  dira:

  • Bizikletaz seguru ibiltzeko lantegia, familiei zuzendua.
  • Gurasoei zuzenduriko lantegia, gai hauen inguruan hausnarketa egiteko: haurrei autonomia eta independentzia maila areagotzearen alde on eta txarrak; zergatik dute gaur egungo haurrek autonomia pertsonal gero eta txikiagoa, eta zergatik gero eta aukera gutxiago beren askatasuna erantzukizunez eta arduraz bizitzeko?

6. DIRU-LAGUNTZAK ETA SARIAK

Horrez guztiaz gain, IGIk diru-laguntzak eta sariak ematea aurreikusi du, proiektu autonomoak bideratzeko ikastetxeen parte hartzea sustazeko asmoz (ikastetxe bakoitzaren behar eta lehentasunen arabera egokituak), ikastetxeetan eta inguruetan mugikortasun osasuntsua bideratzeko xedez.

2003-2004 ikasturtean hasi ziren Gasteizko ikastetxeak Udalarekin batera 21 Eskola Agenda lantzen; 12 urte horietan 94.200 ikaslek hartu dute parte Gasteizen garapen eredu iraunkorragoa sustatzeko ahaleginean.