Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ZINEMA EUSKARAZ programa zabaldu du eta zine-aretoetatik at ere presente egongo da. Programa honen helburua hiritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera ematea da, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatuz eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatuz. Helburu hau garatzeko ZINEMA EUSKARAZ programak, bost jarduera jarri ditu martxan adin guztietako ikusleei zinema euskaraz ikusteko aukera emateko: Zine-aretoetako estreinaldiak, DVDen salmenta, Interneteko streaminga, udalerrietako zine-aretoak eta eskolak.
Hiru euskal hiriburuetako zine-aretoetan ikusgai dauden tituluak eskaera egiten duten euskal udalerrietan ere ikusi ahal izango dira. Film hauek gazteleraz eta euskaraz heltzen dira aldi berean zirkuito-komertzialetara. Hiriburuetan estreinatu eta gero, udalerriek film hauek eskuragai dituzte euren hiritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera bermatzeko eta gure hizkuntzaren erabilera kulturala eta soziala bultzatzeko. Aurreko urteetan bezala, harrera ona izaten ari den ekimena da hau.
Udal-zirkuituan “Jainkoez eta Gizakiez” (“Des hommes et des dieux”) bezalako filmak nabarmendu daitezke – eskakizun gehien jaso dituenetariko bat- baina baita ere beste titulu batzuk, hala nola, “Lurralde Debekatua” (“Crossing over”), “Neds” edo “Eztia” (“Miel”), Berlineko Zinemaldian Film Onenaren Urrezko Hartza eta hemendik gutxira tolosarrek euren udalerrian ikusgai izango dutena.
ZINEMA EUSKARAZ eta Zineskola programen arteko akordioari esker, euskal ikasleek ikusgai izango dituzte euskarazko film hauek euren geletan. Zineskola Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sustatzen du eta zinearen formatu ludiko eta kulturala erabiltzen du LH, DBH, DBHO eta irakaskuntza ez arautuetako ikasleei hezitzeko didaktika unitate zehatzen bidez.
Akordio honi esker, ZINEMA EUSKARAZ programaren bidez, zinema-aretoetan estreinatzen diren filmak eskola-zirkuitoan sartzen dira. 2011-2012 ikastaro berrian tituluak gehituko dituen zerrenda.
Aurten, 8.000 pertsona baino gehiagok -Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako eskolen DBH4. eta DBHO ikasle eta irakasleek- “Precious” filma ikusiko dute; Zineskolako “Osasun-hezkuntza” programarentzat aukeratutako titulua droga-mendekotasunaren prebentziorako. 2011ren zehar hezkuntza maila ezberdinetako 25.000 ikasle eta irakasle baino gehiagok ZINEMA EUSKARAZko filmekin gozatuko dute.
ZINEMA EUSKARAZ programaren oinarria filmen erakustaldia izanik, zinema-aretoetan 20 film euskaraz ikusi, DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneetan doako 30 film baino gehiago streaming bidez ikusteko aukera bultzatuko da. Doan ikusi daitezkeen filmen artean arrakasta gehien izaten ari direnak umeei zuzendutakoak dira; hala nola: Glup, Baso ilunean, Cristobal Molon, Txirri eta Mirri eta Txiribiton, eta Betizu eta urrezko zinzarria.
Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskara kulturaren alorreko komunikazio-tresnatzat eta aisia eta denborapasaren alorreko normalizazio-tresnatzat sustatuko duen film-aukeraketa bat helarazi nahi zaie euskal hiritarrei.
2011an estreinatutako film sarituen artean honakoak aurkitu ditzakegu: “Jainkoez eta Gizakiez” (“Des hommes et des dieux”), Cannes-eko Jaialdiaren aurtengo Epaimahaiaren Sari Nagusia; “Eztia” (“Miel”), Berlingo Jaialdiaren 2010eko Film Onenarentzako Urrezko Hartza eta 2010eko Oskarretarako aurre aukeratuta; “Lurralde Debekatua” (“Crossing over”) Harrison Ford aktoreen zerrendaren buru lez; edo ”Mundu hobe batean” (“In a better world”), Atzerriko Film Onenaren Oscar saria aurtengo edizioan eta kategori berdinaren Urrezko Globoa. Ikuskizunen sailera helduko den hurrengo filma “Last Night” izango da, ezkontzetako arazoei, traizioei eta zeloei buruzko filma. Massy Tadjedin zuzendari iraniarrak Keyra Knightley eta Eva Mendes bezalako profesionalekin osatu du film honen aktoreen zerrenda.