Gripe-jardueraren tasa 259,7 kasukoa da 100.000 biztanleko, urteko sasoi honetarako aurreikusten den mailarekin bat. Tasarik handiena 0 eta 15 urte bitartekoena da.
Aholkuak pasa den astean eman genituen gure webgunean
Gripe-jarduerak gora egin du Euskadin. 3. astean, 259,7 kasu erregistratu dira 100.000 biztanleko. Datu hori bat dator urteko sasoi honetarako aurreikusten zen mailarekin, aurreko denboraldietan bezalaxe.
Urteko lehen asteetan gripe-jarduerak gora egin ohi du, eta zenbait aste jarraian iraun ohi du joera horrek.
Aurreko asteetan bezalaxe, gripe-jarduera handiagoa da 15 urtetik beherakoen artean, birusaren zirkulazioa handiagoa delako haien artean.
Mediku Jagoleen Sareak (sasoiko gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sarea, hiru lurralde historikoetako lehen mailako arretako zentroetako medikuntza orokorreko eta pediatriako sendagileek osatua) emandako datuen arabera, egindako analisi mikrobiologikoek egiaztatu dute A motako birusari dagozkiola egindako isolamendu gehienak, eta, horren barruan, H1N1 birusa gailentzen dela.
Era berean, denboraldia hasi zenetik, gripe baieztatua dela-eta ospitaleratutako 22 kasu erregistratu dira, horietako batzuk, larriak. Erdia baino gehiago (14 kasu) txertoa hartu beharko luketen arrisku taldeetakoak ziren, eta % 80k ez zuten hartu 2015-16 denboraldiko gripearen aurkako txertoa.
Osakidetzan artatutako kontsultak eta larrialdiak
Pasa den astean, gripearen sindromeak Osakidetzako lehen mailako arretarako sarean eragindako kontsulten kopuruak ere gora egin zuen. Egun horietan zehar, 3.437 kontsulta egin ziren guztira, hau da, aurreko astearen kopurua bikoiztuz.
Ohiko larrialdien urteko batez bestekoarekin alderatuta, azken astean Osakidetzan artatutako ospitaleko larrialdien kopuruak %9,7ko igoera izan du.
Etengabeko Atentzio Guneetan ere, %8ko igoera jazo da azken aste honetan, urteko batez besteko kopuruarekiko.
Gorakada hau gertatu arren, Osakidetza normaltasun osoz ari zaie arreta ematen erabiltzaileei.
Osasun Sailak gogorarazi nahi du gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela berezko tratamendu berezirik. Atseden hartzea eta likido eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko; horiexek dira gomendio nagusiak. Sukarrak luze irauten badu eta gripearen ondorioz osasun-arreta behar izanez gero, osasun-zentrora edo Arreta Jarraituko Puntuetara jo beharko da, eta medikuen aginduak jarraitu. Beste gaixotasun batzuk izatearen ondorioz gerta litezkeen konplikazio larriagoen kasuetan, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara jotzea gomendatzen da.
Era berean, garrantzitsua da kontuan izatea, transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, ezinbestekoa dela prebentzio-neurri higienikoak hartzea; adibidez, eztula eta doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.