Bestelakoak - Otros

Aste hauetan elkarguneak eratuko dira.

partehartzeaHerritarren partaidetza-organoak berritzeko prozesua ekainean amaituko da, gizarte kontseilu berria osatzearekin batera; auzogune eta elkarguneetako ordezkariek osatuko dute, organo horietako kideek berek aukeratu ondoren.

Aste honetan hasi dira eratzen elkarguneak –lehen sektore kontseilu zirenak– , martxoan lehengo  lurralde kontseiluak auzoka eratu ondoren.  Aurretik Partaidetzaren Herritarren elkargunea osatu zelarik, aste hauetan beste hauek eratzen ari dira: Gazteria, Lankidetza, Osasuna eta Kontsumoa, Euskara (apirilaren 7an), Adinekoak (apirilaren 12an), Bizikidetza eta Aniztasuna (apirilaren 13an), Ingurumena (apirilaren 14an), Animaliak Babestea (apirilaren 19an) eta Berdintasuna (apirilaren 20an).

Partaidetza eta Gardentasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek positibotzat jo ditu auzoguneen lehen bilerak, zeinetan “dagoeneko aldaketak egin baitira funtzionatzeko dinamikan. Izan ere, organo bakoitzak planteatzen dituen gaiek markatuko dute etorkizuna. Inportanteena benetan garrantzizkoak diren gaien gainean herritarren iritzi eta proposamenak jasotzea da”.

Auzoguneen etapa berrian 46 elkarte eta taldek hartu dute parte, adinekoentzako 7 zentrok, 19 zerbitzu publikok (osasun zentroak, ikastetxeak eta beste), banakoek eta talde politikoek. Guztira 199 pertsonak hartu dute parte bileretan, Parte-hartzearen Zerbitzuko langileak eta dinamizatzaileak zenbatu gabe.

 

Eztabaidatzeko organoak, udal erabakietan benetako eragina izango  dutenak

Bai auzoguneak bai elkarguneak  eztabaidatzeko organoak dira, ordezkarien bidez Udalbatzako batzordeetara zuzenean proposamenak edo beren intereseko gaiak eramango dituztenak. Hori jasotzeko dagokion aldakuntza tramitatzen ari da Udalbatzaren Araudi Organikoan.

Auzogune eta elkarguneetan herritar talde eta elkarteek, banakoek, beste erakunde publiko batzuen ordezkariek, alorreko teknikariek eta talde politikoek har dezakete parte, hausnarketa partekatuko prozesuan erabaki zen bezala.

Bozkatu beharrik bada –esate baterako, auzogune eta elkarguneetako ordezkariak hautatzeko–, herritar erakundeek eta banakoek bakarrik bozkatuko dute, hau da, ez teknikariek ez eta politikariek ere, eta halaxe jaso da organoen funtzionamendu arauetan, zeinak organo berriak eratzeko bilera guztietan aurkeztu baitira.