Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak manifestazio nazionala deitu du otsailaren 12rako «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!» lelopean. Donostian izango da mobilizazioa eta Bulebarretik aterako da arratsaldeko 17:00etan. Horrekin batera, manifestazioaren lelo berbera daraman manifestua ere publiko egin dute EHEko kideek agerraldian.
Publizitatea
Aipatu manifestuaren aitzakipean herri zein nazio mailako harreman dinamika zabala jarri du martxan eragile euskaltzaleak norbanako zein eragileei manifestuaren edukiak helarazi eta mobilizaziora erakartzeko. Alta, harreman horiez gain manifestua EHEren web gunean ere eskegi da herritarrek sinatu dezaten. Manifestazioaren bukaerako ekitaldian ekimen berezirik ere egongo da. Izan ere, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri merezitako omenaldia egingo baitzaio.
Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!
Euskararena gure herriak duen arazo politiko nagusiena da, eta, ondorioz, erantzun politiko nagusiena behar duena. Euskaldunok ezin gaitezke euskaraz bizi. Asimilazio prozesuaren ondorioz nazio hizkuntza menpeko bilakatu da, eta euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara gure herrian. Hizkuntza gatazka Euskal Herriak bizi duen gatazkaren erdigunean kokatu behar dugu, horregatik herri euskaldunaren askatzeari lehentasuna eman behar zaio. Euskaltzaleoi hori horrela izan dadin eragitea dagokigu. Azkeneko urteetan herri euskalduna askatzean baino, nagusiki lurraldea askatzean kokatu izan den jardun soberanista mugi araztea ez da erronka makala.
Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugunean gatazka bera bizi dugu. Horixe da gure ustez euskal gatazkaren oinarria. Hizkuntza komunitate guztiek euren lurralde hegemonikoa behar dute, frantziar eta espainiar konstituzioek ukatu egiten diote hori herri euskaldunari. Beraz, konstituzio horiengandik askatzea baino beste aukerarik ez daukagu euskaldunok. Ezin gara euskaldunok aldaketa horiek eman daitezen zain gelditu, ordea. Egunero bizi dugun gatazka konponbidera eraman nahi badugu ezinbestean eragin eta aktibatu beharra daukagu.
Horregatik diogu “Sasi guztien gainetik”, konstituzio eta kanpo lege guztien gainetik, “euskaldun eta burujabe”, herria bera zein gutako bakoitza. Honen inguruan aktibatu behar dugu herria. Asimilazioari aurre egin behar diogu lehentasunez, eta herriaren burujabetza beharrezkoa bada ere, euskaraz bizitzeko hautua indartu behar dugu. Guztiok, pertsonalean zein kolektiboan, eta maila guztietan euskarari lehentasuna eman behar diogu, eta lehentasuna emateko ere eragin behar dugu.
Hau guztiau aldarrikatzeko, otsailaren 12an Donostian egingo dugun manifestazio nazionalean parte hartzera deitzen ditugu euskaldun guztiak. “Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe” izan nahi eta behar dugula aldarrikatu behar dugu. Euskaldun guztiek deialdiarekin bat egiteko aukera dute hurrengo manifestuari babesa emanez:
Manifestua:
Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe
Hizkuntza komunitate minorizatua da euskal komunitatea, Euskal Herrian bizi garen hiru milioi biztanletatik laurdenak baino ez dakigu euskaraz. Euskal hiztun guztiak gara gazteleraz edo frantsesez elebidun, mendetako asimilazio prozesuaren ondorioz euskaldun elebakar gisa bizitzea ezinezko bihurtu ondoren. Gaztelera eta frantsesa bilakatu dira hizkuntza hegemonikoak Euskal Herrian, nazio hizkuntza den euskara menpeko bihurtuz. Horregatik, euskarak betetzen zituen ia funtzio guztiak erdarek betetzen dituztenez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian.
Gurea ez da hizkuntza ordezkatze prozesua pairatzen duen herri bakarra. Munduan ehunka dira galtze bidean dauden hizkuntzak, eta ondorioz kulturak, herriak. Globalizazioak eragina badu ere, ordezkatze prozesu hauen gidariak estatuak dira. Euskal Herrian espainiar eta frantziar estatuak dira ordezkapen prozesuaren erantzule nagusiak. Beraien konstituzioetan argi jasotzen dute zein den hizkuntza hegemonikoa, eta nagusitasun hori mantentzea helburu duten hizkuntza-politikak aplikatzen dituzte.
Erasoak eraso euskaldun izateaz harro, garena izaten jarraitzeko nahia eta gogoa askotan erakutsi dugu euskaldunok. Honi esker, hamaika proiektu sortu ditugu ordezkapen prozesuari aurre egin, eta euskaraz bizitzeko nahiari hauspoa emateko.
Hala ere, asimilazio prozesuak bere horretan jarraitzen du. Euskaldunoi ezberdintasun kontuekin bazterrak nahastea leporatzen digute; garenari uko egin, eta munduko hiritar izateko gonbidapenak jasotzen ditugu etengabe. “Hori suertea nonahikoak diren horiena! Sasi guztien gainetikan dabiltza hegan”. Sasi artean ibiltzea nekeza da, baina ez diogu euskaldun izateari uko egingo. Garenari eutsi behar diogu, munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herri osasuntsuak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diezaion.
Euskaldunak burujabe. Hasteko asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu. Kontzienteki edo inkontzienteki gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu da. Praktika burujabearen aldeko hautua indartu behar dugu hau gainditzeko. Zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu, eta euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika, hain zuzen ere. Honetarako, autoestimua berreskuratu, eta euskaldun izatearen harrotasuna eguneroko jardunaren erdigunean kokatu behar dugu ezinbestean. Eta jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa da. Baina ezin dugu dimentsio kolektiboa ahaztu. Beraz, euskal komunitateak egin behar du euskaldun burujabe bizitzearen alde.
Euskal Herria burujabe. Sasi guztien gainetik ibili ahal izateko, euskaraz bizitzeko hautua egiteaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan. Legeen zein prestigioaren bitartez eraiki beharreko lehentasunezko estatusa. Horretarako, ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatu behar da euskara. Eta hizkuntza politikaren bitartez alor guztietan nagusi izateko neurriak hartu behar dira.
Baina aldaketa hauek ez daude gure esku. Frantziar eta espainiar konstituzioek ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik burujabetza behar du Euskal Herriak.
Euskalduna eta burujabea. Biak dira aldaketa hauen oinarriak. Beraz, norbanakoak zein herriak, bakoitzari dagokigunetik, euskaldun eta burujabe izateko determinazioari beste bultzada bat eman diezaiogun, sasi guztien gainetik euskaldunak eta libreak izateko Euskal Herrian.”
Manifestua zein otsailaren 12ko mobilizazioa aitzakia gisa hartuta, harreman dinamika bat jarri dugu abian Euskal Herriko eragile zein norbanako batzuekin nazio mailan. Oinarri ideologikoez, eragiteaz, aktibazioaz… hitz egin nahi dugu beraiekin, eta gure mobilizazioarekin bat egiteko gonbidapena luzatuko diegu. Herriz herri ere lanketa bertsua egingo da. Bestetik, euskaldun eta burujabe bizi nahi duen edozeinek atxikimendua eman diezaioke idatziari www.euskalherrianeuskaraz.org web gunean.
Otsailaren 12an, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeaz gain, bildutako euskaltzaleok Jose Luis Alvarez Enparantzari, Txillardegiri, merezitako omenaldia egingo diogu ekitaldian. EHEren sortzaileetako bat izateaz gain, herri euskaldunaren aldeko mugimenduan eta euskalgintzan erreferente handia dugu Txillardegi. Urteetan erakutsitako borrokarako grinaren eta konpromiso irmoaren aurrean merezitako omenaldia egingo diogu guk. Euskaldun eta burujabe izan nahi duten herritar guztiei EHEren deialdi honi eta aipatu manifestuari babesa emateko, eta otsailaren 12ko manifestazioan zein Txillardegiri egingo diogun omenaldian parte hartzeko deia egiten diegu.. Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe! Euskaraz bizi!
Euskal Herrian Euskaraz 2011ko urtarrilak 17