EuskaraJaiakKultura

Araba Euskaraz ’11 ediziorako spota, klipa eta abestiaren 13 bertsio aurkeztu dira

Araba Euskaraz 2011ko aurkezpena
Ekainaren 19a atarian daukagu, eta berarekin batera Araba Euskaraz jaiaren edizio berria. Bi aste barru ibilbidearen xehetasunak jakinaraziko dituzte antolatzaileek, Laudio Ikastolak hain zuzen, baina Araba Euskaraz ’11 edizioarako sortutako spota, klipa eta abestia aurkeztu dituzte Laudioko Kultur Etxean.

Aurrekoetan ere esan bezala, aurtengo Araba Euskaraz abestiaren hitzak Gontzal Mendibil kantautorearen ‘Bagare’ abesti ezagunarenak izango dira, musika, ordea, bertsio anitzak izango ditu, 13 hain zuzen. Horietatik 12 disko batean grabatu dira, Gontzal Mendibil, Betagarri, Esne Beltza, Sokaide, Kerobia, The Sparteens, Koma, Antton Aranburu & Bedaiari bakartiak, Nahixan, Mielotxin, Pirulotxou eta Los Arlotes egidakoak. Hamahirugarrena, Maldan Behera taldearena, ezin izan dute CDan grabatu, berandu heldu baitzen. Dena dela, Araba Euskaraz web orrian entzun daiteke.

Laudioarrak protagonistak

Spotarako, Dolumin Barikuan laudioarren laguntzarekin grabatu zena, Sokaide taldeak egindako bertsioa aukeratu dute, zenbait taldekidek Aiaraldekoak baitira. Horietako batzuk gaurko aurkezpenean egon dira eta unea aprobetxatu dute talde osoaren «poza» disko zein spot horietan parte hartzeko eman dieten aukeragatik.

Antton Aranburu eta Bidaiari bakartiak eta Pirulotxou taldeetako ordezkariak ere egon dira gaurko ekitaldian eta euskaldun guztiei gonbidapena luzatu diete ekainaren 19an Laudiora etor daitezen.

Klipari dagokionez, Nahixan taldea izan da egilea.