Bestelakoak - Otros

Bizikidetzaren aldeko konpromisorako akordioa.

convivirAho batez onartutako adierazpena hauxe da: Giza Eskubideen Adierazpenean jasotzen den bezala, gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik. Adierazpen horrekin bat, hiri honek beretzat nahi duen bizikidetzaren ardatz ditu oinarrizko eskubideen sustapena, aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza pertsona guztientzat.

Gizarte konplexuetan bizi gara, etengabe aldatzen ari direnak, eta aniztasunaren ideia mamitzen dute. Hori dela eta, Gasteizko herritarrek aukeratutako zinegotziok herriarekiko, pertsonekiko, bizikidetzarekiko eta gizarte kohesioarekiko konpromisoa agertzen dugu, dagokigun erantzukizun politiko eta sozialak betez, eta herritarrek diskriminazioaren eta bazterketen kontra eskuzabaltasunez egiten duten lan handi eta eraikitzaileari babes emanez.

Agiri honek bizikidetzaren, aniztasunaren eta edozein motatako diskriminazioaren kontrako borrokarako adostasuna eta konpromiso politikoa jaso nahi ditu; orobat aniztasunaren kudeaketa publikoaren aldeko apustua, kulturartekotasuna ardatz.

Hori dela eta, gaur, martxoaren 21ean, bat egiten dugu Nazio Batuen Erakundeak antolatutako ekimenarekin, eta arrazagatiko diskriminazioaren eguna ospatzen dugu, honako konpromisoak hartzen ditugularik:

Hiria bizikidetzaren ardatz nagusia dela azpimarratzea. Lankidetzan, elkarrengandik ikastean, elkarrekikotasunean eta, batez ere, pertsonen arteko interakzioan oinarritutako komunitatea. Beraz, bizikidetza ekintza boluntario eta kontzientea dela uste dugu, eta ikasi beharra dugu.
Istiluak gizarte bizitzaren berezkoak balira bezala hartzea eta modu baketsuan jorratzea, horiek justifikatzeko kultura aniztasuna baliatu gabe, eta horretarako hainbat baliabide ezartzea: arbitrajea, bitartekaritza eta kontziliazioa.
Gaurko Gasteizek duen asmo nagusienetakoa guztiontzako hiria izatea da. Hori dela eta pertsona guztiak desberdinak garela eta errespetua merezi dugula uste dugu. Horrenbestez, positibotzat jotzen dugu aniztasuna, eta arretaz kudeatzen dugu, bera baita bizikidetasuna sustatzeko eginbeharrekoen protagonista.
Aniztasun bakoitza Aniztasun oso baten atala dela aitortzea. Aitortza horrek elkarrekikoa izan behar du, eta desberdintasunak errespetuz onartzea dakar; balioa eman behar zaie aldeen konpromisoari, ekintza bateratuari eta konpromisoari, hartara desberdinen arteko elkarrizketa eman dadin.
Oreka eta gizarte kohesioa lortzeko estrategiak sustatzea, tratu-berdintasunean eta aukera berdintasunean oinarrituta, izan ere horrek gizarte anitz batean inpartzialtasun irizpidea ezartzea adierazten baitu.
Ahalegin berezia egitea ahuldade zein diskriminazio egoerak —sexu, arraza, kultura, nazionalitate, sexu orientazio, ezintasun edo erlijiogatik gertatzen direnak— prebenitu, salatu eta horien kontra borrokatzeko, edozein motatako gizarte bazterkeria saihets dadin.
Kulturartekotasuna sozializatzeko eta aniztasunaren kulturari laguntzeko baliabidetzat hartzea, izan ere, inolako ideologia motari lotuta ez badago, aniztasun kategorien arteko loturak sortzeko aukera ematen du, besteak beste hizkuntza, erlijio eta identitate anitzekoa den gizartean.
Herritarrek parte hartzeko eszenatokiak eta erakunde esparruak ezartzea, hiri espazioak eta sozialak, pertsonek eta taldeek zein hiri motatan bizi nahi duten erabaki dezaten.
Argi izan zurrumurruak aniztasunaren aurkako topiko eta estereotipo negatiboak zabaltzeko bide direla, baita jarrera eta jokamolde diskriminatzaileak izateko pizgarri ere. Hori dela eta, Gasteizko Udalak laster zurrumurruen aurkako euskal sarearekin bat egingo du, horren bitartez zurrumurru faltsuen aurkako ezagutza, jokamoldeak eta lanabesak partekatzea, eta aniztasunaren aurkako hizketaldi negatiboak zigorrik gabe geratzeko lekuak gutxitzea xede.
Gasteizko errealitate berriaren ikusgarritasuna sustatzea, aniztasuna elementu aberasgarritzat normalizatu dadin
Horregatik guztiarengatik, aniztasuna balio handiko baliabide publikoa dela uste dugu eta, gizarte kohesioa oinarri hartuta, orain egitura berriak sortzeko aukera aparta dugula. Beraz, Gasteizko Udalak – berarekin lan egiten duten gizarte erakundeekin bat- aniztasunean oinarritutako bizikidetzaren aldeko apustu irmoa egiten du, “Bizikidetza Plana” bide-orri hartuta.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 21ean