Bihartik aurrera, “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programaren barruan bozkatuko diren proposamenak jarriko dira ikusgai; bozketa irailaren 26an (astelehena) hasiko da.
“Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programaren asmoa da herritarrek erabakitzea zertan erabili datorren urteko udal aurrekontuko hiru milioi euro, herritarrek berek aurkeztutako proposamenei jarraituz; hartara, aurrekontuen zati bat partaidetzazkoa izango da.
Guztira 67 proposamen bozkatu ahalko dira. Irailaren 21etik (asteazkena) 24ra (larunbata) egongo dira ikusgai, Europa jauregiko Green Capital aretoan.
Erakusketak bi atal izango ditu: batetik, proposamenen azalpen idatzia jarriko da aretoan; bestetik, hala eskatu duen proposatzaile bakoitzak bere proiektua defendatzeko aukera izango du, 15 minutuz.
Aurkeztu eta erakusteko fasea bukatutakoan azken faseari ekingo zaio, hau da, bozketari; horren bidez, gasteiztarrek proiektuen arteko lehentasuna ezarriko dute, aurrekontua agortu arte. Irailaren 26ko 08:00etatik urriaren 9ko 23:59ra arte eman ahalko da botoa.