Abenduaren 3an Euskararen eguna ospatuko da, eta Gasteizko Udalak 2016ko Euskaren Asterako egitaratua aurkeztu du, gaur goizean, Oihaneder Euskararen Etxean, eta Arabako Foru Aldundiarekin eta hainbat talde euskaltzalerekin batera antolatutako hainbat jarduera eskainiko dira.
“Gasteiz bete euskara egunero” lema duen programa azaroaren 27an hasi eta abenduaren 4an amaituko da. Mintzodromoa, zirku ikuskizunak, filmak, kontzertuak eta lantegiak izango dira. Euskara Zerbitzuko zinegotzi Iñaki Prusillak nabarmendu egin du Euskararen Astean parte hartzen duten taldeen lankidetza, eta Gasteizen egingo diren ekitaldietan, bereziki abenduaren 3an, parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak lurralde guztiari egin die gonbidapena “euskararen sustapenaren aldeko proposamenak 365 egunetara” hedatzeko, euskerak “denok behar gaituelako”.
Jarduerak ostiral honetan hasiko dira, hilaren 27an, eta mintzodromoa eta bertso-triki-poteoa izango da Zabalgana auzoan. Hilaren 27an eta 28an, gazteentzako “Gazte Gozatopa” ekitaldia izango da. Azaroaren 29an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Amalur” ikuskizuna izango da Buesa Arenan. Abenduaren 1ean, “Amama” filma eskainiko da doan Florida zinema-aretoan. Abenduaren 2an, mintzo-txiodromoa izango da Oihanederren eta lantegi bat unibertsitate pabilioian.
Abenduaren 3a, Euskararen eguna, ekitaldiz beteta egongo da: Euskararen ginkanaren finala Oihaneder Euskaren Etxean; Tantttakak “Muxua” antzezlana antzeztuko du Principal antzokian; kalejira Erdi Aroko hirigunean zehar (Oihaneder Euskararen Etxetik hasi eta Andre Maria Zuriaren plazan amaitu); “Zirk-zark” jaialdia Oihanederren. Halaber, euskaltzaleek beren eskariak zintzilikatu ahalko dituzte Oihaneder Euskararen Etxean jarriko den desiren zuhaitzean.
Abenduaren 4an, programari amaiera emateko, Lau Topet taldearen “Abesti bat gutxiago” ikuskizuna izango da Jimmy Jazzen. Lehenik, Harkaitz Canok eta Oier Aranzabalek prestatutako liburu-diskoa aurkeztuko dute eta ondoren kontzertua izango da.
Hauek dira programazioaren antolaketan parte hartu duten eragileak: Euskara 365 egun, Bai Euskarari Ziurtagiria, Geu Elkartea, Garaion NaturArtea, Amezti Txiki, Gasteizko Berritzegunea, Alea aldizkaria, Jimmy Jazz Gasteiz, Laboral Kutxa, Oihaneder Euskararen Etxea, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala.