Bestelakoak - Otros

Ezkiaga Auzo Elkarteak 25 urte ospatuko ditu gaur.

Iturria: hitza. Ezkiaga Auzo Elkartea 1991n sortu zuten auzotarrek. Gustura daude urte hauetan auzoarentzat lortu ahal izan dutenagatik. Bihar egun osoko festa prestatu dute

zkiagako Auzo Elkarteak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu bihar. Beasaingo auzo elkarte bakarra da eta auzo elkartea bizirik dagoela aldarrikatzearekin batera, 25 urteotako historiari errepasoa egingo diote argazki eta artikuluen erakusketaren bitartez.

Izan ere, Ezkiaga Auzo Elkarteak 25 urteotan lortu duena asko da Ana Urangaren eta Manolo Fernandezen ustez. Lorpenak ulertzeko, lehenik eta behin, duela 25 urte 88 Poligonoa izena zuen auzoa nolakoa zen ekarri nahi izan dute gogora: «Francoren garaian eraikitako auzoa da Ezkiaga. Garai hartan, enpresen inguruan, inolako miramendurik gabe eraikitzen ziren etxeak. Etxe solteak ziren; auzoa urbanizatu gabe zegoen. Auzotarrak elkartzen hasi ginen urbanizatutako auzo batean bizi nahi genuelako».

Garai hartan Beasaingo alkate zen Iñaki Erguinek egindako adierazpen batzuk bizkortu zuen auzo elkartearen sorrera. «Ezkiaga auzoa oso maila soziokultural baxuan jartzen zuen. Minduta sentitu ginen, erreakzionatu egin genuen idatzi haren aurrean», gogoratu du Urangak. Beraz, Murumendi eskolan 2 urteko gela eskatzearekin batera, auzoaren «hirigintza justuago bat» izan zen Auzo Elkartearen eskaera nagusiena. Fernandezek beste arrazoi bat ere nabarmendu nahi izan du: «Auzoan beste 400 etxe eraikitzeko proiektua zegoen. Eta guk ez genuen hori nahi».

Hasierako urte haietan oso lagungarria izan zitzaien Donostiako Arkitekto Eskolako arkitekto baten laguntza. «Prest azaldu zen dohainik gu laguntzeko», zehaztu dute. «Udaleko arau subsidiarioei alegazioak egiten lagundu zigun. Alegazioak egitearekin batera, ekarpenak eta proposamenak egin genituen». Horrezaz gain, «pista asko eman zizkigun, udalak berak ere ez zekizkienak, Oria pasealekuko bidea egiteko garaian adibidez. Aurrekontu handia zuen obra hark eta berak esan zigun foru aldundiaren ardura zela obra hura, eta ez udalarena», diote.

Pilotalekua eta parkea

Elkartzeak ematen duen indarrarekin, auzoan pilotaleku estalia egitea lortu zuten. «Elkartea sortu aurretik udal aurrekontuetan diru partidak izendatzen ziren baina ez ziren gauzatzen. Auzoko lurrak norenak ziren ez zegoen garbi, eta aitzakia horrekin egin gabe gelditzen ziren. Behin, auzotarrek bidea moztu genuen, auzoari zegokion aurrekontua gauzatu egin behar zela aldarrikatzeko». Hortik, aurreikusitako etxebizitzak egin beharrean, Ezkierdi pilotalekua egitea lortu zuten. «Pilotalekuak bizi handia eman zion auzoari».

Beste lorpen bat, Arriola alkatea zela, gaur egun auzo elkartearen lokala dagoen lokalak erostea izan zen. «Liburutegia egon zen hasieran. Orain ludoteka eta KZgunea daude».

Parkea, gune berdea, egokitzea ere garrantzitsua izan zen auzotarrentzat. «Hor ere etxeak egitea aurreikusten zen. Baina berdegunearen aldeko apustua egin genuen. Landare espezie ugari daude. Parke ezezaguna da beasaindar askorentzat».

Urangak eta Fernandezek gogoratzen dutenez, batzarretan jende askok parte hartzen zuen. Inkestak egiten ziren etxez etxe, aldizkari bat argitaratzen zen hilero… Hamar bat urtean festak ere antolatu zituzten. «Egan, Izadi, Gozategi… ekarri genituen».

Auzo elkartekoak gustura daude 25 urte hauetan lortu dutenarekin.

Irisgarritasun arazoak

Oraindik ere eskaerak egiten jarraitzen dute Ezkiaga Auzo Elkartekoek. 2016an auzoan bi igogailu egingo dituzte. «Igogailuak egin ondoren, Mateo Mujika eta Arantzazu kaleetako irisgarritasuna hobetzea izango da helburua», zehaztu dute. «Kale horietako etxeak egin ziren lehenengoak dira, eta auzoko heldu gehienak han bizi dira. Jende asko etxeak saltzen ari da bertara iristeko zailtasunak daudelako. Irisgarritasuna hobetu beharrean dago; oztopo arkitektoniko asko daude auzo honetan».

Bestetik, «zerbitzu mailako beharrak» dituztela diote: «Beti eskatu dugu farmazia bat, eta oraindik ere horretan jarraitzen dugu. Auzo honetara merkataritza erakartzea garrantzitsua iruditzen zaigu, oso gutxi dago eta»