Bestelakoak - Otros

Gasteizek bat egin du Zurrumurrurik Ez euskal sarearekin

logo_zurrumurrurikezGasteizek bat egin du Zurrumurrurik Ez euskal sarearekin, udal gobernuak zurrumurru faltsuen aurka sentsibilizatzeko ekimen horri atxikitzea onetsi baitu gaur; hainbat antolakundek, gizarte entitatek eta erakunde publikok osatzen dute sarea. Aste honetan bertan, talde politikoek atxikimendu hori jasotzen zuen adierazpena onetsi dute.

Zurrumurrurik Ez euskal sarea 2012an sortu zen, garai hartako Immigrazio Zuzendaritzak (gaur egun Familia eta Gizarte Politikarako Zuzendaritza) Aurre Egin Zurrumurruari gida argitaratu zuenean. Agiri horrek orientabideak eman nahi zituen jatorri ezberdinetako pertsonen arteko bizikidetzari eraso egiten dioten estereotipoak eta aurreiritziak sortzen dituzten zurrumurru faltsuei aurre egiteko.

2013an, Euskal Autonomia Erkidegoan zurrumurruen kontrako estrategiak garatzen ari ziren hainbat antolakunde, gizarte entitate eta erakunde publiko elkartzen hasi ziren. Gero eta parte hartzaile eta antolakunde gehiagok egin dute bat sarearekin, lankidetzan aritzeko gogoak bultzatuta, elkarren artean loturarik ez duten ekimenak ugaritu ez daitezen.

2016an proposatu zen Zurrumurrurik Ez euskal sarea osatzea, eragile ezberdinen artean partekatutako kulturarteko gizarte sentsibilizaziorako estrategia gisa. «Berritasuna gizarte entitateen, erakunde publikoen eta banakoen arteko lankidetza da. Hausnartzeko, ezagutza sortzeko eta tresnak trukatzeko espazioa da, eragile bakoitzaren independentzia errespetatzen duena», azaldu du Bizikidetza eta Aniztasun arloko zinegotzi Nerea Melgosak.

Sareak helburu hauek ditu: ezagutza eta jardunbide egokiak partekatzea, lan esperientzia koordinatuetan parte hartzea, zabalkunderako eta gizarte eragina biderkatzeko kanala izatea eta beste eragile batzuk sarera erakartzea.