Bestelakoak - Otros

GPS bidez, Udalari garbiketa-kontrataren ibilbideen jarraipena.

Gasteizko Udalak garbiketa-kontrataren ibilbideen jarraipena egiterik ahal izango baitu. Informatika plataforma hilabete honen bukaeran erabiltzen hasi da, eta horren bitartez, Hondakinen Kudeaketaren Zerbitzuak erraz jakin dezake zein ibilbide egiten ari diren garbiketa ekipoak, denbora errealean.

Kamioien, ekortzeko eta ureztatzeko makinen, eskuz garbitzeko gurditxoen eta gainerako baliabideen jardueraren historikoa ateratzeko aukera ere ematen du. Horietako bakoitzak kokapen transmisore bat darama, eta informazioa unean bertan iristen da informatika-aplikaziora. Hartara, berehala ikus daiteke hiriko leku batetik zein ordutan igaro diren garbitzaileak, edo zein denbora-tartetan geratu den ingururen bat zerbitzurik gabe.

Ildo horretatik, garbiketa-kontratak aurreikusten du bere baitan egindako zerbitzuak ordainduko direla, eta ez aldez aurretik finkatutako diru-kopuru finko bat ordainduko, lehen egiten zen bezala. Hemendik aurrera, benetan egiten dena bakarrik ordainduko du Udalak.

Gaur goizean aurkeztutako tresnak 138 ekiporen jarraipena egitea ahalbidetzen du oraingoz, baina ibilgailu guztiak entregatzen direnean guztira 200 izango dira. Orobat, 400 langilek hatz-markaren bidez fitxatuko dute, eta 3.600 edukiontzi altxatu eta husteko lanak ere kontrolatuko dira.

Uztailaren 1ean garbiketa-kontrata berria abian jarri zenean, udal gobernuak iragarri zuen ahalik eta kontrol eta gardentasunik handienarekin jokatuko zuela. “Azken urteotan kezka handia izan da udal taldeengan eta herritarrengan, udalerriko garbiketa-zerbitzuen eraginkortasuna zela eta. Kontratak kontrola areagotzeko neurriak ere barne hartzen ditu, eta erabili egingo ditugu”, azaldu du Gasteizko alkateak.

Hain zuzen ere, horietako bat da aurkeztutako tresna berria. Baina ez da bakarra. Udan, Agirrelandako parkean ibilgailuen sarrera eta irteerak arku elektromagnetiko batez kontrolatzeko sistema bat abiarazi zen, eta hatz-marken bitartez fitxatzeko sistema. Ibilgailuen bideak monitorizatzeko aukera ematen duen aplikazioa ezarri aurretik, kaleko ikuskapenen eta enpresaren lan-parteen bidez kontrolatzen zen lana.

Zerbitzuaren jarraipena egiteko talde tekniko-politikoa berriro biltzen hasiko da, bi hilean behin. Datorren astean izango da lehen bilera.

FCC eta GMSMekin egindako kontratuan jasota dago, besteak beste, edukiontzi irisgarri berriak jarri beharko dituztela horiek hirian. Zehazki, esleipenaren iraunaldia amaitzerako edukiontzien % 80 berrituko da. Gorka Urtaranek jakinarazi duenez, dagoeneko 100 baino gehiago jaso ditu Udalak, eta dibertsitate funtzionaleko pertsonekin batera definituko ditu Udalak edukiontzi berriak jartzeko lekuak zehazteko irizpideak, eta, bereziki, mugikortasun arazoak dituztenekin. Modu orekatuan egingo da banaketa hori, hiri osoan.

Kontrata berrian jasota dauden hobekuntza-neurri horiek guztiak modu progresiboan ezarriko dira, eta hala egingo da horrek berekin dakarren ekipo eta ibilgailuen berrikuntza ere, 2015eko uztailetik 2016ko udaberrira bitartean. Lehenengo ekipo berriak hasi dira iristen. Zehazki, tresna berri hauek ditu Gasteizek: 3 ‘New Aquadyne’ ureztatzaile, 7 ‘City Cat’ espaloi-ekortzaile, 12 ‘Mathieu’ espaloi-ekortzaile, 5 ‘Ravo 540 CD’ galtzada-ekortzaile, ekortzeko 4 ibilgailu lagungarri, kuboak eramateko 42 gurditxo, poltsak eramateko 15 gurdi, 6 haizemaile, sasiak garbitzeko 4 makina eta urez garbitzeko 2 makina, besteak beste.