Euskara

Igande honetan, Boga!

Maiatzaren 29an Ibilaldia ospatuko da Ondarroan. Milaka izango gara Igandean Bizkaiko herri honetan euskarazko hezkuntzaren alde bilduko garenak. Garrantzitsua da oso jai giroan ospatuko den aldarrikapen egun honetara bertaratzea, baina are garrantzitsuago egunero-egunero, benetan euskaldunduko duen eskola baten alde lan egitea.

Lelo bat hamaika logo

Logo indartsua dakar Ibilaldia 2011k, herri arrantzale bati ondo baino hobeto dagokiona: BOGA. Eta lelo horri indarra ematen, ehunka irudi. Horra nobedadea. Izan ere, Ibilaldia 2011k ez dauka logorik. Edo ez dauka bakarra, ikuspegiaren arabera. Leloari indarra emango diogu, horretan dihardugu. Era ezbedinetara errepikatuta eta asko erabilita indartuko dugu BOGA leloa, eta Ibilaldia 2011 bera.

Aurrera jo esan nahi dugu BOGArekin. Aurrera, indarrarekin; guztiok batera, BOGA euskararen alde, BOGA gure proiektua ezagutarazteko, BOGA Ikastola eredua indarberritzeko, BOGA gure seme-alabengatik. Ikastolarekin berarekin batera, BOGA.

Ibilaldia 2011 – BOGA!