Bertan dugu berriz ere Korrikaren edizio berri bat, 18.a hain zuzen, eta iragarri dutenez aurten Gasteiza martxoaren 19an iritsiko da, asteartez, eta Bergarako atetik sartuko da hirian. Aurtengo leloak zera dio: «eman euskara elkarri», eta euskara ikasten edota horretan ibili diren guztiak omendu nahi ditu edizio berri honek.
Oraindio Gasteizen zeharreko ibilbidearen berri eman ez badute ere, aurtengoan ere espero dugu Zabalganatik igarotzea, hirugarren aldiz, merezi duen harrera eman diezaiogun auzokideok; azkenengoetan egin dugun bezalaxe. Zer esanik ez, auzo elkarte honek lagundu eta parte hartuko du auzoan burutuko diren babes-ekitaldi guztietan, besteetan legez, eta horien berri emango dizuegu auzokideoi. Iharduera hauek antolatzen zein propaganda eta prestaketa lanak banatzen laguntzeko Zabalganako Korrika batzordea osatuko da, ziur aski datozen asteetan, deialdi publikoa eginez. Adi auzoko euskaltzale guztiok, beraz!