Eleberriak, poesia, testigantzak, ipuinak, saiakerak, itzulpenak, album ilustratuak… Euskaraz irakurri nahi duenak badu non aukeratu. Udazkeneko hostoak erori ahala, euskal argitaletxeak hamaika orrialde bidaltzen ari dira inprimategietara, proposamen literario guztiak, edo gehienak, bero-bero hel daitezen Durangoko Azokara.
Proposamen ugarien barne, Elkarren esku helduko da Karmele Jaioaren «Ez naiz ni ipuin, Idazten ari dela idazten duen idazlea». Zabalganako auzokide honek bere lana aurkeztuko du.
«Iraila eta abendua bitartean, euskal editoreek gure produkzio osoaren %60 baino gehiago argitaratzen dugu», adierazi du Mikel Sotok, Txalaparta argitaletxean Euskarazko arduradun denak. Beraz, lan handiko sasoia izan ohi da udazkena editoreen munduan. «Ohituta gaude, lan dinamikaren barruan naturala da», onartu du Elkarreko Antxiñe Mendizabalek.
Plangintza zorrotza eta eskarmentua lagun, dagoeneko ia prest dira euskarazko nobedade gehienak. Euskal literaturan ibilbide sendoa duten egileen artean, nabarmentzekoa da Joxe Azurmendi Barkamena, kondena, tortura saiakerarekin. Filosofoak azken urteetan idatzitako hiru saiakera laburrek osatzen dute lan hau, eta hirurek ardatz dute Estatuaren «izaera kontrolatzailea» gizabanakoarengan.
Ganorazko beste proposamenak dira Karmele Jaio, Iban Zaldua eta Txiliku, Ez naiz ni ipuin, Idazten ari dela idazten duen idazlea eta Piztiarioa ipuin-bildumekin, hurrenez hurren. Hau guztia Elkarren esku. Argitaletxe berean, aukera izango dute beren lanak estreinakoz kaleratzeko Itxaso Araquek -iazko Igartza Sariaren irabazlea, Damutzen ez direnak nobela kaleratuko duena azaroan- eta Ainara Gorostizuk, Aldamenekoa erreportaje lanarekin (urrian), besteak beste.
Susak ere proposamen iradoki-tzaileak dakartza. Urriaren 26an Mikel Antzaren Atzerri eleberria aurkeztuko da. Berebat, izenburua zehazteke duen Kirmen Uriberen nobela berria ere argitaratuko du. «Elkartasuna, engaiamendua, maitasuna, oroimena eta behin hartutako erabakien atzeraezintasuna jorratzen ditu Uribek, Gerra Zibilean eta II Mundu Gerran abiatu eta gaur egun arte eramango gaituen kontakizunean», iragarri du Gorka Arrese editoreak.
Txalaparta argitaletxeak ere aintzat hartzeko nobedadeak ditu. Adibidez, Kolonbian bahiturik: 74 egun ELNren esku izeneko lanak Asier Huegunen testigantza biltzen du, Gari Udaberen lagun-tzaz. «Huegun bahitu zutenean, utzi zioten eguneroko bat eramaten eta orain esperientzia horren kronika inprentara sartzear dugu, kontakizuna nahiko bitxia da, eta gustora irakurtzen da gainera», azaldu du Sotok. Urrira aldera ere, Literotura Sailari gehituko zaio Esku hori titulua, azken sei urteetan Basauriko Euskarabila ipuin erotikoen lehiaketako irabazleek idatzitako lanak biltzen dituena.
Bestetik, proposamen berrienetako bat da Hura ez da lekua (liburua + CD), izen bereko an-tzerki lanean oinarritua. Oier Gillanek eta Asier Sarasolak (testua) nahiz Idoia Bereterbidek (irudiak), «asmatu dute an-tzezlanaren garapen alternatibo eta interesgarria egiten», irizten du Txalapartako editoreak.
Hil honetan zehar, Pamielak aurkeztuko ditu Joxemari Iturralderen Kaleidoskopioa artikulu-bilduma eta gazte-literaturaren arloan, Paula Carballeiraren Smara. Saharako legendak. «Azken hau Saharar herriaren elkartasun taldeekin batera aurkeztu nahi dugun proposamen bat da», argitu du Pello Elzaburu editoreak.
Horrez gain, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean gazteleraz eta katalanez argitaratuko da urte amaierarako. «Katalanezko bertsioa Pamiela eta Kataluinako Pol.len argitaletxearen koedizio bat izango da eta liburuaren aurrerapena Bartzelonan egin genuen hilaren 11n (Diada egunean, hain zuzen)», aipatu du Elzaburuk. Gaztelerazko bertsioaz, aldiz, Pamiela arduratuko da. «Durangoko Azokarako nahiko genuke eskaini, eta horretan gaude…», aurreratu du.
pentsatzeko irakurketak Urtarrila eta ekaina bitartean itzulpenak nagusi izan bazituen ere, hemendik aurrera euskal idazleengan jarriko du arreta Alberdaniak. Besteak beste, Inazio Mujika editoreak nabarmendu du Iñaki Segurolaren Arrazoia ez dago edukitzerik saiakera. «Itxuraz konexiorik gabeko esaldi labur eta distiragarriz idatzita dago, baina irakurketa bukatutakoan, zati guztiek bat egiten dutela ohartzen zara. Pentsatzearen zaleek gogoz hartuko dute lan hau», baieztatu du. Alberdaniako beste proposamenak dira Juan Kruz Igerabideren Motoa (nerabeei zuzenduta) eta Carmen Gisasolaren lehenengo nobela, Ihesaren hutsunea, «gaurkotasun handiko gaia lantzen duena», aurreratu du Mujikak.
Poesiaren arloan, Rikardo Arregiren azken lana goraipatzen du Alberdaniako editoreak, «aspalditik irakurri dudan ederrena», dio Bitan esan beharrekoak bildumari buruz. Durangoko Azokara «justu» helduko omen da Anjel Lertxundiren azkena, hots, narrazio laburren bilduma bat, zeinak Soka motzean duen behin-behineko izenburu.
Itzulpenen eskaintza sendo dator. Shakespearen Hamlet (Juan Garzia, Elkar), Calderon de la Barcaren Bizitza ametsa da (Xabi Paia, Erein-Alberdania-Igela) edota Alice Munroren Zorion handiegia (Nagore Tolosa, Meettok) dira tituluetako batzuk. Bestetik, Meettok Itxaro Bordaren %100 Basque-ren gaztelerazko bertsioa ere kaleratuko du.
Azkenik, Ereinek Oier Santosen Ez zuten erantzun eleberria eta Pako Aristiren Independendetziaren paperak saiakera ekarriko ditu, beste tituluen artean. Hiriak, Mario Onaindiaren azken lanak eta hainbat antzerki-lan kaleratuko ditu, adibide batzuk aipatzearren.
Nobedadeen zerrenda, beraz, ez da hor bukatzen, euskal literaturaren zuhaitza oparoa da eta…