Atzo, otsailak 4, Zabalgana atera zen kalera ohiturak agintzen duen moduan Santa agedari abesteko. Aurten, baina, inoiz baino ugariagoak izan dira kantak, izan ere, urtero Zabalgain elkarteak antolatzen duen ekimenari beste batzuk gehitu egin zitzaien.
Iragarri bezala, iluntzeko seietan Zabalgain-en deialdira hurbildu zen berrogei bat lagunen taldeak ekin zion ibilbideari kalez kale eta tabernaz taberna kantarieta makilkadaka. Ia aldi berean, eta auzoko beste gune batzuetan zehar, beste bi kalejirak gauza bera egiten zuten; auzoko bi ikastetxeetako guraso taldeek antolatutakoak, hain zuzen.
Gainera, eguerdi aldera, Zabalganako ikastetxetik ehun ikasle baino gehiago abiatu ziren kantari auzoko toki zehatz batzuetan geldialditxoak eginez; haurreskoletan edota osasun zentroan, esaterako.
Guztira hirurehun auzokide inguru-txiki zein handi-aritu dira gaukoan auzoan zehar Santa Agedari kantatzen eta lurra kolpeka negutik esnatu nahian, ohitura zahar honi beste bultzada garrantzitsu bat emanez; izugarria benetan. Baietz hurrengo urtean auzokide gehiago izan!!