Paula Quintanak eta Dani Gallardok lan berria aurkestuko dute bihar Gasteizko arte garaikediko Euskal zentro museoan
Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak «La virtud de la torpeza» aurkeztuko du bihar, maiatzaren 8, Cristina Redondok idatzi, Fernando Sotok zuzendu eta Paula Quintana dantzariak eta Dani Gallardo aktoreak antzeztutako dantza eta antzerki lana.
Bikote harremanei eta maitasunari buruzko gogoeta bat da, egonkortasun nahia eta aldaketaren beharraren arteko etengabeko tenkari buruzkoa.
Antzezpena -Mónica Borromello arkitektoaren eszenografiarekin- Artium Museoko Ekialde Goikoa aretoan egingo da, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Sarrerak 6 euro balioko du -3 euro Artiumen adiskideentzat eta ikasleentzat-, museo gasteiztarrak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
«La virtud de la torpeza» lanaren behin betiko muntaia bi antzezleek, zuzendariak eta egileak prozesuaren hasieratik elkarrekin eta agertokian bertan egin duten lanaren emaitza da. «Huts egiteko eskubidea eskatzen duen bikote baten istorioa da. Gizon bat eta emakume bat, barrez, zoriontsu, etorkizunaren nostalgiaz, dantzan, bizitza eta haren paradoxa ospatzen. Etxe horretara iritsi dira, eta hor munduko gauzarik onenak gertatu behar zaizkie. Horretarako etorri dira behintzat. Pentsatu zuten hori zela elkar maitatzeko tokia eta momentua», diote antzezlanaren arduradunek.
Hala ere, bi pertsonaien izaera desberdinak mehatxatu egiten du egonkortasun nahi hori, eta elkarrekin bizitzeko prestatuta ote dauden galdetzen hasten dira. «Emakumea ihesi dago beti, eta ihes egiteko nahi hori pirueta bihurrien bidez estaltzen du batzuetan, edota barre dislokatuen eta zintzilikako poetiken bidez. Gizonak dena geldirik mantendu nahiko du, aldaezintasun horri eutsiz errutina iraultzea edota elkar ongi maitatzeko ezintasuna saihestu ahal izango balitu bezala», azaldu dute